martes, 7 de febrero de 2017

ESKOLA BIZIPENAK



1. Neska jantzia / Gabonak eta Agate Deuna jaia

                                                                          


             
             Txikitatik ikastolan eta etxean Euskal Herriko kultura eta ohiturak erakutsi dizkidate, bereziki, Gasteizen erabili ohi den neska jantzia. Sei hilabete nituela, Gasteizko jaietan nire gurasoek neskaz jantzi ninduten eta hortik aurrera, gaur egun arte urtero janzten dut jantzia. Haurtzaindegira zein ikastolara Olentzero urtero zihoan bisitan eta, beraz, ikasleek herritarrez janzten ginen (neskaz eta blusaz). Gainera, Agate Deuna jaiak ospatzeko musika irakasgaian abestia prestatzen genuen eta jai egunean ere herritarrez janzten ginen eta guztiok batera abestia abesten genuen bakoitza bere makila eskuetan zuelarik. 

                Gaur egun dudan oroitzapena oso ona da, izan ere, egun horietan primeran pasatzen nuen nire klase-kideekin batera. Gainera, oso jantzi berezia da nire hiriko kultura irudikatzen baituelako eta horretaz oso harro nago. Horregatik, espero dut ohitura honekin urte gehiago jarraitzea. Etorkizuneko irakasle bezala Euskal Herriko ikastoletan irakastea eta gure kultura islatzen duten jai hauek prestatzea gustatuko litzaidake ikasleak kultura ezagutzeko eta, bereziki ondo pasatzeko.


2. Arte Ederren museoa
 


           
             Ikasturtean zehar klasearekin hainbat irteera egiten genituen. Argazki honetan nire klasea ageri da Arte Ederretako museoa bisitatu genuenean. Irteera hau goizean izan zen eta hainbat ekintza egin genituen; hauen artean, ipuin-kontalaria eta sormenezko tailerrak. Museo hura bisitatzea oso egokia iruditzen zait, izan ere, artearen bidez sormena eta zoriontasuna garatzen da. Gainera, bertako arduradunak marrazteko koadernoa eman zigun goiz horretan ikasi genuena islatzeko, beraz gure irakaslearekin klasean marrazten aritu ginen ondoren. 

            Egun horretaz dudan oroitzapena ona da; izan ere, klase-kideekin primeran pasa nuen eta arteari buruz gauza ezberdinak ikasi nituen. Beraz, irakasle bezala ekintza errepikatuko nuke nire ikasleekin.  

3. Lehenengo Jaunartzea
 


             Jaunartze egunaren argazkia da hau, nire ondoan ageri den neska, txikitatik nire klase-kidea izan da, eta baita laguna ere. Katekesira joatea ez zen munduko gauzarik entretenigarriena, baina ikastolako lagunekin joaten nintzenez azkenean ondo pasatzen nuen. Hala ere, klase ezberdinetan beste ikastoletako ikasleekin banatzen gintuzten.
            2006ko ekainaren 18an, nire lehen jaunartzea izan zen. Egun berezia izan zen niretzat ez baitzelako ohiko jaunartzeak bezala. Gasteizen egin ordez, Murgiako elizan ospatu genuen eta zuriz jantzi ordez kaleko arroparekin jantzi ginen. Ondoren, bazkari handia egin ordez, "lunch" moduko bat prestatu genuen guztiok batera egoteko. 

4. Udako solstizioaren festa


              Urtero udaren hasierarekin batera solstizioaren jaia ospatzen genuen. Olabidek jaia prestatzen zuen eta San Joan bezpera zenez sua pizten zuten plazan, ikasleok liburu eta apunte guztiak bertara bota eta erretzen genituen. Ogitartekoak eta edariak banatzen zituzten eta Joselu Anaien kontzertua izaten genuen. Argazki hau jai horren egunekoa da, nire klasekide eta lagunekin ageri naiz Joselu Anaiekin batera dantza egiten. Oroitzapen oso onak ditut; izan ere, udaren hasiera adierazten baitu. Etorkizuneko irakasle bezala jai hau prestatzea gustatuko litzaidake klaseei amaiera ematen diogulako eta oporrei hasiera.  

5. Hamaikagarren  urtebetetzea
 

             Urtero bezala nire urtebetetzea ospatzen nuen, urte bakoitza leku ezberdin batean, alegia. Nire hamaikagarren urtebetetzea aitona-amonen herrian ospatzea erabaki nuen nire klaseko lagunekin batera. Haientzat leku xelebrea izan zen; izan ere, herriak bi etxe eta eliza bakarra dauka eta nire aitona-amonek bakarrik bizi dira. Halaber, gehienak hirian bizi ziren eta ez zuten herri batean egoteko ohiturarik; beraz, apainduegi joan ziren eta kalean jolastu ondoren asko zikinduri ziren. Hala eta guztiz ere, primeran pasa genuen eta oso oroitzapen onak ditut. Gainera, jaso nituen opariak paregabeak izan ziren! Argazki honen bidez adierazi nahi dut. Argazki honen bidez adierazi nahi dut ikastolaz aparte lagunekin egiten diren ekintzak oso garrantzitsuak direla. 

6. Zugarramurdiko kobazuloak 


         Klasearekin egindako irteera hau ikaragarri gustatu zitzaidan. Izan ere, Zugarramurdiko kobazuloak eta sorginen museoa bisitatu baikenituen. Kobazulo horietan XVII mendera arte akelarre ugari egin izan ziren. Hau da, errutinatik irteteko sorginek prestatutako festak, su inguruko dantzak, bilerak, erritualak eta sorginkeriak. 

            Irakasle bezala irteera hau proposatuko nuke Euskal Herriko kulturaren eta ohituren inguruan asko ikasten baitelako. Gure kultura hobeto ikasteko modu oso egokia eta erakargarria iruditzen zait eta ikasleek gai honen inguruan asko interesatzen dira. 

7. Antzerkia LH 6. maila




           Argazki honetan lehen hezkuntzako seigarren mailan egin genuen antzerkia islatzen da, zehazki urte oso baten lana. Seigarren mailako klase bakoitza antzezlan bat prestatu behar zuen eta ikastola egunean gurasoen aurrean antzeztu. Ikus dezakegunez eszena prestatzeko baliabideak eskasak ziren, hala ere ikastolak lortzen zituen jantziak oso egokiak iruditu zitzaizkidan. 



            Etorkizunean irakasle bezala antzezlan bat ikasleekin egitea proposatuko nuke, esperientzia itzela eta aberasgarria baita.  Gainera, lotsa kentzeko eta besteen aurrean hitz egiteko aukera paregabea da eta baita primeran pasatzeko ere. Antzezlan hau egin ondoren asko gustatu zitzaidan antzezlanak egitea. Horregatik, Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi urteetan aukera ematen zuten antzerki irakasgai bezala hartzeko, eta, beraz, beste hizkuntza bat ikasi ordez hori izan zen nire erabakia.   
 
8. Futbol lehiaketa




                Betidanik izan ditut kirolak gustuko eta oso txikia nintzela hasi nintzen kirol hasiera egiten nire ohiko ikastolan. Hainbat kirol praktikatu eta jokatu ondoren saskibaloia gustukoena izan zen eta, horregatik, egun jokatzen jarraitzen dut. Hala ere, jolastokian (guretzat baratza) klase-kideekin batera futbolera jokatzen nuen. 
 

            Kurtsoaren beste neska batzuekin batera futboleko lehiaketa batean parte-hartu nuen. Lehiaketan parte-hartzen zuten beste neska taldeek aldez aurretik osatutako taldeak ziren eta gurea, aldiz, egun pare bat entrenatu genuen elkarrekin bakarrik. Hortaz, gurekin alderatuz haiek oso ondo ezagutzen ziren elkarri eta ondo jokatzen zuten.

            Nahiz eta partidurik ez irabazi eta lehiaketan azkenak gelditu oroitzapen onak sorrarazten dizkidan argazkia da. Porrotaz aparte kurtso bereko neskekin primeran pasa nuen kirola praktikatzen. Hortaz, etorkizunean irakasle bezala gustatuko litzaidake nire ikasleekin kirolarekin zerikusia duten ariketak prestatzea oso garrantzitsua iruditzen baitzait.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario